Besteak

Besteak
2016-05-20 08:52:30
IA 40 URTE PASA DIRA OÑATIN AZKEN BORROKALDIA EGIN ZENETIK
Etenaldi luzearen ostean, bueltan dira boxeo borrokaldiak Oñatin

Ia 40 urteren ondoren, boxeoa bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu Oñatin igande arratsaldean (Zubikoa, 19:00). Urte asko pasa dira Fidel Azkabide gaztea buru zuen lantaldeak borrokaldi horiek antolatzen zituenetik, eta aspaldiko ohitura zahar hori berreskuratu nahian, boxeoa Oñatira itzuliko da asteburuan.

 

Ixa Rodriguez izango da igandeko jaialdian arituko den borrokalarietako bat. Plaentxiarra, amateur mailako Espainiako txapelduna da eta otsailaz geroztik, Indar Gimnasioan martxan jarri ziren boxeo klaseen arduradun nagusia da. 30 bat ikasleko taldea osatuta, herrian boxeoarekiko interesa zegola ikusi, eta lanean gogor aritu da azken hilabeteetan boxeo jaialdi hau aurrera atera nahian.

 

Historikoki gizonezkoen kirol bat izan bada ere, geroz eta emakumezko gehiago sartzen ari dira boxeoan azken urteetan eta hein handi batean, alor hau bultzatu nahian antolatu da Oñatin emakumezkoen boxeo jaialdia. Rodriguezek Oñati Irratian adierazi duenez, «Espainiako amateur mailako boxeolaririk onentsuenak ikusiko ditugu Oñatin». 2012 urtean hasi zen Rodriguez kirol modalitate honetan. Aurretik spinning, body-pump edo body combateko monitore izatetik zetorren plaentxiarra eta azken urteetan, boxeoa bere «bizitza estilo» bilakatu dela onartu zuen.

 

Sei borrokaldi

Igandeko jaialdiak sei borrokaldi izango ditu. Euskadiko Boxeo federakuntza eta Bilboko Lopabox taldearen eskutik estatu osoko borrokalari amateur onentsuenak elkartuko dira Zubikoako kantxa nagusian. Borrokaldiak kategoria ezberdinetakoak izango dira -pisuaren araberakoak- eta bikote bakoitzak, bi minutuko lau round osatuko dituzte.

 

48 kilotako kategorian; Jessica Salazar (Lopabox) eta Virginia Dominguez (Madrid) arituko dira nor baino nor. 52 kilokoan, Zaira Corchero (Lopabox) eta Nahia Moyano (Uppercut Erandio).  53 kilokoan, Ixa Rodriguez (Lopabox) eta Paloma Ramos (Madrid).  58 kilokoan, Estefi Segura (Neko Gym Bizkaia) eta Oihane Cuesta (Neko Gym Bizkaia). 60 kilokoan, Violeta González (Lopabox) eta Laura Reollo (Uppercut Erandio). 66 kilokoan azkenik, Patricia Yubero (Lopabox) eta Eva Pérez (Madrid) borrokaldia ikusi ahal izango da.

 

Sarrerak salgai daude dagoeneko. Aurrez, Txaketua tabernan eta Indar Gimnasioan eskuratu daitezke 10€tan eta egunean bertan, takillan erosi nahi dutenek 12€ ordaindu beharko ditu. Nagusi batekin joaten diren haurrek bestalde, doan sartu ahal izango dute jaialdira. Borrokaldiaren aurretik gainera, duela lau hamarkadako ohiturak mantenduz, boxeolarien pisaketak Txaketua tabernan egingo dira 16:30 aurrera.

 

Rodriguez Oñati Irratian

Igandeko jaialdiko bultzatzaile nagusia eta lehian ariko den Ixa Rodriguez borrokalariak elkarrizketa eskaini zuen asteazkenean Oñati Irratian. Hemen daukazue elkarrizketa guztia entzungai:

 

Ixa Rodriguez, aste honetako lan saio batean. Argazkia: Noticias de Gipuzkoa.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.