Saskibaloia

Saskibaloia
2016-05-19 11:32:00
EZIN IZAN DUTE IGOERA LORTU ASTEBURUAN JOKATU DEN LAUKO FINALEAN
Gorka Judez: «Denborak jarriko dio neurria azken bi urteetako lanari»

Bigarrengoan ere ez. Natra Oñati Aloña Mendik ezin izan du mailaz igo. Asteburuan jokatu den lauko finaleko lehen partiduan 63-53 galdu zuen Mungiaren aurka eta honenbestez, Lehen Mailara igotzeko aukera gabe gelditu ziren oñatiarrak. Gorka Judez entrenatzaileak Donostiako fasearen irakurketa, eta urteko balantzea egin berri ditu asteon Oñati Irratian.

 

Bigarren urtez jarraian Lehen Mailara igotzeko lauko finala jokatu zuen asteburuan Natra Oñati Aloña Mendik eta iaz bezala, finalerdian kanporatuak izan ziren. Judezen mutilak ondo hasi zuten partidua eta atsedenaldira arte aurretik joan ziren markagailuan. Arauzko lehen hogei minutuen amaieran esaterako, oñatiarrak 23-27 nagusi ziren.

 

Atsedenaldiaren ostean ordea, gauzak asko aldatu ziren. Bizkaitarrek defentsa asko gogortu zuten eta lehen zatian sartu ez zituzten jaurtiketak, poliki poliki oñatiarren uztaia topatzen hasi ziren. Hori horrela, Mungiak 18-5 partziala egin zion Aloña Mendiri eta honek min asko egin zien txantxikuarrei. Hori gutxi balitz, taldeko erreferente den Asier De la Iglesiak hiru falta jarraian egin zituen laurdentxo honetan eta lau falta pilatuta, oso baldintzatuta gelditu zen azken laurdentxorako.

 

Judezek, partidako momentu hau azpimarratu nahi izan zuen astearteko elkarrizketan: «Ez dut aitzakiarik topatu nahi, gu ez ginan batere ondo kantxaratu bigarren zatian baina epaileen kriterioa, ez zen berdina izan bi aldeetan. Asierri limitean defendatu zioten bizkaitarrek eta kontaktu horietan ez zuten ezer ikusten. Gure defentsan ordea, edozein kontaktu falta zen» zioen.

 

Azken laurdentxoan hiru puntura hurbildu ziren une batean oñatiarrak eta partida beroen zegoen momentuan, Asier De la Iglesiaren bostgarren falta adierazi zuten epaileek. «Beste hainbat faltetan bezala, azken hau ere zalantza handikoa izan zen eta gerora Mungiarrek beraiek onartu ziguten ez zela falta izan» zioen. Horrek partida erabat baldintzatu zuen eta kantxa barruko erreferente gabe, partidak ihes egin zien azken minutuetan Judezen mutilei. Azkenean, 63-53 amaitu zen neurketa eta beste urtebetez, igoera lortzetik urrats bakarrera gelditu ziren txantxikuarrak.

 

Urte ona

Igoera lortu ez arren, denboraldia «oso positiboa» izan dela adierazi zuen Judezek astearteko elkarrizketan: «Bi urtez jarraian lauko finalera iristea oso zaila da. Denborak jarriko dio neurria egindakoari» zioen. Era berean, urtean hainbat zailtasun izan dituztela ere jakinarazi nahi izan zuen teknikariak: «Jokalari batzuk min hartuta ibili dira, beste batzuk lan edo ikasketengatik ezin izan dira sarritan entrenatzera etorri eta hori ikusita, oso oso pozik nago nire jokalariek egindakoarekin». Bereziki jokalari gazteenek emandako «aurrerapausoa» nabarmendu nahi izan zuen entrenatzaileak.

 

Jokalari batzuen agurra

Azkenik aipatu beharra dago larunbatekoa, jokalari batzuen agurreko partida izan zela. Azken bi hamarkada luzeetan taldean aritu den Mikel Biainek saskibaloia uzteko erabakia hartu baitu. Beste bizpahiru jokalariren etorkizuna ere zalantzan dago. Asier De la Iglesiarena esaterako. Momentuz atsedena hartzeko garaia bada ere, asteek aurrera egin ahala, jakingo da datorren urtera begira zer nolako taldea izango duen Natra Oñati Aloña Mendik.

 

Gorka Judezek asteartean Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Igoera lortu ez arren, balorazio positiboa egiten du Judez entrenatzaileak

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.