Atletismoa

Atletismoa
2016-04-27 11:36:57
RAMON VARELAK 10. POSTUA ESKURATU ZUEN BETERANO MAILAN
Lan txukuna egin dute Aloñako atletek, errepideko Espainiako txapelketan

Igande goizean errepide gaineko 10 kilometroko Espainiako atletismo txapelketa jokatu zen Teruelen. Aloña Mendik lau ordezkari eraman zituen bertara eta orokorrean, lan txukuna eginda itzuli dira guztiak. Posturik aipagarriena, Ramon Varela korrikalariak lortu zuen beteranoen kategorian, hamargarren postua eskuratuz.

 

Aloña Mendiko ordezkariak errepide gaineko 10 kilometroko Espainiako atletismo txapelketan izan dira asteburuan. Teruelen jokatu den lasterketan, emaitzei dagokienean ez da urteko onena izan talde gorriko ordezkarientzat, baina bertan zegoen maila ikusirik, pozik itzuli dira Aloñako korrikalariak etxera.

 

Bihurgune askoko zirkuitua osatu zuten antolatzaileek eta hori gutxi balitz, haize bolada indartsuek ere ez zuten asko lagundu. Hori horrela, probako lehen kilometroetan zuhur jokatu nahi izan zuten. Lasterketan kokatu ahala, poliki-poliki erritmoa areagotuz joan ziren txantxikuarrak eta azkenean, emaitza nahiko txukuna lortu zuten. Sergio Garcia izan zen azkarrena 20. postuan (32:04), Yeray Varela 23. (32:15), eta Alberto Revuelta 25. (32:59) helmugaratu ziren absoluto mailan.

 

Varela eta Fernandez maila oso altuan

Beterano M55 mailan aritu zen Ramon Varelak lasterketa bikaina osatu zuen eta 38:29 kronoan helmugara iritsi ostean, kategoriako hamargarren atletarik onena izatea lortu zuen. Aipatu Hinaco Monzon Hueskako taldean lehiatzen duen Ritxar Fernandezek ere maila bikaina eman zuela beteranoen M45 kategorian. Fernandez zortzigarrena izan zen 34:13 kronoarekin eta taldekako sailkapenean Espainiako azpitxapeldun izan ziren.

 

Aloña Mendiko atletismo sailak esker ona adierazi nahi dio Coinbroker Aseguru artekaritza enpresari. Aurtengo denboraldian taldeko korrikalariak babesten hasi da eta era honetako laguntzak «oso garrantzitsuak» direla azpimaratu dute klub oñatiarreko arduradunek.

Ramon Varela hamargarrena izan zen beterano mailan. Argazkiak: Ana Urrea Fernández

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.