Futbola

Futbola
2016-04-25 17:10:07
1-0 IRABAZI ZUEN ATZO IGOR SERRANOREN TALDEAK ANAITASUNAREN AURKA
Liderra mendean hartu du Aloña Mendik

Jardunaldiko sorpresa eman du asteburuan Ohorezko Erregional mailako taldeak. Hirugarren mailarako igoera bilatzen dabilen Anaitasuna liderraren bisita jaso zuen atzo Aloña Mendik Azkoagainen, eta zortzigarren minutuan Joseba Irizarrek egindako golari esker, 1-0 nagusitu ziren Serranoren gizonak kategoriako liderraren aurrean.

 

Partida oso borrokatua jokatu zen atzo arratsaldean Azkoagainen Aloña Mendi eta Anaitasunaren artean. Denboraldi bikaina egiten ari diren bi talderen aurrez-aurrekoak interes asko zituen jokuan. Oñatiarrek duela aste batzuk bete zuten urte hasierako helburu nagusia -maila mantentzea-, baina pasaden astean Errenterian jasotako kolpetik (6-2 galdu zuten Trintxerperen aurka) altxatu, eta garaipen bat eskaini nahi zieten etxeko zaleei. Azkoitiarrek berriz, lehen postua mantendu nahi zuten eta urte guztian lau partida baino ez zituztela galdu ikusita, partida benetan konplexua aurreikusten zen.

 

Hori horrela, etxekoek oso indartsu hasi zuten norgehiagoka. 8. minutuan, aldeko jaurtiketa bat bikain aprobetxatu zuen Joseba Irizar atzelariak. Baloia area txikian jaso, eta sareetara bideratu baitzuen markagailuan 1-0ekoa ezarriz. Gol horren ostean, kanpotarrak berdinketaren bila aritu ziren, baina ez zuten Mikel Aginagalderen atean aparteko arazorik sortu.

 

20 minutu bat gutxiagorekin

Bigarren zatian azkoitiarrak baloiaren jaun eta jabe izan ziren baina oñatiarren mesedetan, ez ziren aukera garbirik sortzeko gai izan. Aipagarria 70. minutuan Lasarte epaileak Iñigo Markinez txantxikuarra egotzi zuela. Aloñakoen ustez, txartela merezi ez zuen jokaldi batean bat gutxiagorekin gelditu ziren eta hortik aurrera, normala den moduan, azkoitiarren presioa areagotu egin zen. Punturik batu ezean, Anaitasunak lidertza galdu zezakeen eta jokalariek presio gehiegirekin, eta urduritasun zantzuekin aritu ziren neurketako azken minutuetan. Azkenean, Aloñak defentsako lan ona egin zuen eta etxekoen zorionerako, garaipena Azkoagainen gelditu zen.

 

Lider aldaketa

Atzoko hiru puntuen ostean, lidertza aldaketa eman da Ohorezko Erregional mailan. Liga amaitzeko lau jardunaldi besterik falta ez direnean, Tolosak hartu du orain lehen postua eta Anaitasunarekin 61 puntutara berdinduta badago ere, liderra da average hobea duelako.

 

Igor Serranoren mutilak seigarren postura igo dira (49 p.) atzoko garaipenaren ostean, eta helburuak beteta, azken urteetako ligarik onena burutzen ari direla ikusita, amaiera on bat eman nahiko diote denboraldiari. Asteburuan Ostadar zortzigarren sailkatuaren (44p.) aurka jokatuko dute Lasarte-Orian.

Garaipen bikaina lortu zuen atzo Aloñak liderraren aurka.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.