Mendia

Mendia
2016-04-21 18:15:23
ARGANZA TRAIL CAÑON DEL RIO LOBOS LASTERKETAN (SORIA)
Bi urteren ostean, garaipen berri bat lortu du Iban Letamendik

Hilabete luzez min hartuta egon ostean, garaipenen bidera itzuli da Iban Letamendi asteburuan. Oñatiarrak San Leonardo de Yagüeko (Soria) mendi lasterketa irabazi zuen igandean. 30 kilometro eta 3000 metroko gorabehera zuen probako atletarik indartsuena izan zen. Azken hilabeteotako sufrikarioa nola gainditu duen eta batez ere, arazo hauen ondorioz, prespektiba aldaketa egin duela adierazi zuen atzo Oñati Irratian.

 

Duela bi urte pasa lortu zuen Iban Letamendik, azken garaipena Cangas de Oniseko mendi lasterketan. 2014ko Zegama Aizkorri bikainki amaitu (4:04:42) zuenetik, amaierarik gabeko tunel ilun batean sartuta ibili da. Lehenik, orkatillako lesio luze bat izan zen eta azken hileotan Mononukleosis gaitzak jota, lehiaketetatik kanpo egon da oñatiarra. Hala ere, azken hilabeteetan arazo guztiak ahaztu eta sasoi puntua berreskuratzen hasia da Letamendi. Eta horren adierazle garbiena, igandean lorturiko garaipena izan da.

 

25 hilabete luzez podium bateko koska gorenera igo gabe egon ostean, Arganza Trail Cañon del Río Lobos (Soria) mendi lasterketa irabazi baitzuen igandean Letamendik. «Azken asteetan oso sentsazio onak nituen entrenamenduetan eta test on bat egin nahian joan nintzen Soriara». Letamendik nagusitasun handia erakutsi zuen proba osoan zehar eta uneoro joan zen lasterketa buruan. «Hasieratik jarri nintzen lehen postuan eta abantaila kudeatu eta batez ere, seinalizazioa jarraitzea zen nire helburua. Ez baitzegoen batere ondo markatuta eta behin baino gehiagotan galdu nintzen» zioen.

 

30 kilometro pasa eta 3000 metroko gora-behera gaindituta, 2:53:52 kronoan iritsi zen helmugara Letamendi. Ia lau minutuko aldea atera zion Santiago Mezquita (2:57:31) bigarren sailkatuari eta podiuma, Carmelo Revillak (3:01:59) osatu zuen.

 

Zegama Aizkorri helburu

Horrenbeste denboraz geldi egoteak lezio asko utzi dizkio Letamendiri: «Emaitzak bigarren maila batean utzi behar direla ikasi dut. Kirolariok askotan itsutu egiten gara gauza hauekin eta bi urteotan zerbait ikasi badut, kirola gozatzeko egin behar dela da» onartu zuen.

 

Aurrera begira, minik gabe jarraitzea eta posible bada Zegama Aizkorri on bat egitea izango da txantxikuarraren helburu bakarra. «Ondo aurkitzen naiz eta duela bi urteko marka hobetzea oso zaila izango den arren, lasterketa on bat egiten saiatuko naiz. Zegama munduko lasterketa onena baita nire iritziz».

 

Jarraian daukazuen podcastean entzun dezakezue atzo eguerdiko elkarrizketa osoa:

 

Letamendi Soriako podiumean.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.