Mendia

Mendia
2016-04-15 11:31:45
PODIUM BAT ESKURATUZ HASI ZUEN IGANDEAN DENBORALDI BERRIA
Iokin Garai: «Orain arteko maila mantendu edo hobetzea da aurtengo erronka nagusia»

Ondo hasi du mendi lasterketen denboraldia Iokin Garai oñatiarrak. Hirugarrena izan zen Arrasate-Udalatxen eta hasiera batean kalitatezko lan saio bat besterik izan ez bazen ere, aurten eman dezakeen mailaren adierazle izan daiteke asteburuan lorturiko emaitza. Ikasturte berrian izango dituen erronka eta helburu nagusietaz mintzatu zen asteazkenean Oñati Irratian.

 

Ia hiru urte pasa dira Iokin Garai mendi lasterkariak bere kirol ibilbideko lehen garaipena lortu zuenetik. Montan Aspeneko balentria, oso gogoan du oraindik ere oñatiarrak. Frantziako proba txantxikuarraren ibilbideko giltzarrietako bat izan da eta harrezkero, Garaik osatu duen kurrikuluma, aipatzeko modukoa da. Garaipenak, podiumak, errekonozimenduak...baina agian, emaitza esanguratsuena iazko G2H garaipena izan daiteke. Euskal Herriko Ultra trail txapelduna izateak ate asko zabaldu baitizkio oñatiarrari.

 

Urte dexente dira mendi lasterketen munduan murgildu zenetik baina azken bizpahiru denboraldietan, gauzak serioago egiten ari dela aitortu zuen Oñati Irratian: «Emaitza hauen atzean ez dago sekreturik. Lana, lana eta lana. Azken denboraldietan entrenatzaile baten aginduetara ari naiz eta egia esan nire errendimendua asko igo da» zioen. Denboraldia igandean estreinatu bazuen ere, aurretik hainbat hileetako prestaketa eraman duela adierazi zuen: «Herriko jaiak pasa ostean, atseden pixka bat hartu nuen baina urte amaieratik ona, poliki-poliki aurredenboraldiko lan garrantzitsuena egiten ibili gara»,

 

Helburu konplexuak

Azken urteetan eraman duen gorakadaren ondorioz, hobekuntza lortzearen zailtasuna asko areagotuko dela garbi dauka Garaik. Baina konplexutasun horrek, motibazio gehigarria ematen diola adierazi zuen: «Geroz eta gorago egon, geroz eta zailagoa da hobetzea baina kirolariak horrelakoak gara; beti nahi dugu egindakoa hobetzea. Eta zaila izango den arren, horixe izango da aurten izango dudan erronka nagusia».

 

Arrasate Udaletxen hirugarren postua lortu izanak lanean jarraitzeko indarra ematen diola adieraziz, aurrera begira duen egutegiaz ere mintzatu zen Garai. Egutegian hainbat proba egingo ditu baina gorriz markaturikoak, Leitzako mendi erronka, G2H eta batez ere, urtarrila amaieran Barrueran (Lleida) jokatuko den Munduko txapelketa izango dira. «Nire prestaketa guztia proba horietara bideratuta dijoa eta hor egon nahiko nuke nire sasoi punturik onenean» zioen.

 

Hainbat laguntza

Lasterketetan lorturiko emaitza bikainei esker, Garairen erreputazioa asko handitu da. Horren adibide, aurten izango dituen babesle kopurua dira. Izas Outdoor Aragoiko erropa etxea, Yoko Kirolak eta Keepgoing nutrizio etxeak izango dira txantxikuarraren babesle nagusiak. Alde horretatik oso eskertuta agertu zen asteazkeneko elkarrizketan: «Ni bezalako korrikalari anonimo batek, era honetako laguntzak izatea benetan eskertzekoa da».

 

Elkarrizketan zehar bestelako hainbat kontu ere azaldu zituen Oñatiko mendi lasterkariak. Ondorengo podcastean daukazue entzungai:

 

Garai Arrasate Udalatxeko helmugara iristen. Argazkiak: Goiena.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.