Automobilismoa

Automobilismoa
2016-02-09 13:14:30
HERRIKO AUTOMOBILISMOARI ZUZENDUTAKO TERTULIA OÑATI IRRATIAN
Ilusioa eta zaletasuna sobera; babesa berriz, falta

2015 urtea nahiko oparoa izan da oñatiko automobilismoarentzat. Kirol arloan ez ezik, antolakuntza mailan ere, kirol ekitaldi garrantzitsu bat baino gehiago izan dira urtean zehar herrian. Dena den, iraganari begira baino, etorkizun hurbilari begira jarrita daude herriko motorzaleak. Hilabete barru hasiko da denboraldia eta errepidean ariko diren pilotu, kopilotu eta zaletuekin, solasaldi interesgarria osatu zuten atzo Oñati Irratiko Kirol tarte nagusian.

 

Herriko automobilismoaren egungo egoera hizpide izan zuten atzo arratsaldean Oñati Irratian. Kirol hau oso ondo ezagutzen duten lau herritar izan ziren astelehen arratsaldetako kirol tertuliako gonbidatuak, eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertu zuten automobilismoak herrian gaur egun bizi duen egoera. Orokorrean pozik azaldu ziren lau gonbidatuak maite duten kirola egiteko, eta herriari eskaintzeko aukera izan baitute.

 

Hala ere, bidean zailtasunak ere topatu dituztela jakinarazi zuten eta orokorrean, zaletasuna eta ilusioa handia den bezala, babes falta ere, tamainakoa dela onartu zuten: «Egia esan, kirol garestia da. Gastu gehienak gure patrikatik ordaintzen ditugu eta denboraldi oso bat egiteko, sekulako aurrekontua behar da».

 

Komunikabideetan oihartzun gutxi

Babesleak topatzea geroz eta zailagoa den honetan, komunikabideek jokatzen duten papera ere aztertu zuten solaskideek. «Orokorrean geroz eta presentzia txikiagoa daukagu zoritxarrez komunikabideetan. Euskal telebistan adibidez, duela urte batzuk automobilismoari buruzko programa oso interesgarri bat egiten zuten; baina hori ere desagertu zen. Gainera agertzen garenetan, istripuen berri emateko soilik izaten da eta hori oso kaltegarria da gure kirola babesten saiatzen direnentzat».

 

2011. urtean Udanako igoeran izan zuten istripu gogorraren harira, bitxikeria berezi bat azaldu zuen Sergio Gilek atzoko emanaldian: «Istripu nahiko gogorra genuen eta sare sozialen bidez asko zabaldu zen hemen gertatutakoa. Pentsa, Madrileko prentsa arroxako programa ezagun batetik deitu ziguten morboa bilatu nahian» zioen irrifartsu. Antolakuntzakoek baina, normala den moduan, ez zuten joku horretan sartu nahi izan.

 

Kirol honi ikusgaitasuna eman nahian, Ixmael Rueda eta Sergi Gilek lan eskerga egiten dute azken urteotan. Ruedak hemen inguruko igoera eta rallysprint ugari grabatzen ditu eta gaur egun, bisita asko jasotzen duen youtube kanala kudeatzen du. Gilen kasuan, proba ezberdinetan ateratzen dituen argazki ikusgarriak, kronika ezberdinekin osatzen ditu euskal rallyei zuenduriko web orrian. Bien helburua, garbia da. Automobilismoak hedabideetan galdu duen lekua, bi kanal hauen bidez ahal den neurrian betetzea.

 

Udana, ekainak 25ean

Ordubete iraun zuen solasaldian, herriko automobilismoaren egungo egoera aztertzeaz gain, kirol honi lotutako hitzorduen errepasoa egin zuten lau gonbidatuek. Udanako igoera, ekainaren 25ean izango dela baieztatu, eta urtean zehar beste 2-3 hitzordu ere antolatuko dituztela esan zuten (Goitibeherak, Auto klasikoak…).

 

Orokorrean ikuspuntu ezberdinak utzi zituzten Ixmael Rueda, Asier Mugarza, Sergio Gil eta Mikel Altuna gonbidatuek. Pilotu, kopilotu, antolatzaile, zaletu…guztiak gogotsu daude 2016ko denboraldia hasi eta maite duten kirolaz gozatzeko.

 

Hemen daukazue tertulia guztia entzungai:

 

Mugarza eta Fuente Clio Sport autoarekin. Argazkiak: www.rallyak.eus

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.