Saskibaloia

Saskibaloia
2015-11-24 16:37:09
ALOÑA MENDI ETA ARRASATEKOAK ELKARTU ZIREN
Saskibaloi eskolen topaketa egin zuten igandean Zubikoan

Aloña Mendiko saskibaloi eskolako neska-mutikoek jardunaldi berezia bizi izan zuten igande goizean Zubikoan. Arrasateko eskolako lagunekin batera, hainbat partida jokatu zituzten eta orokorrean, jokalari, guraso, zein begiraleek topaketaren balorazio oso positiboa egin dute.

 

Aloña Mendiko saskibaloi sailak, harrobiko gaztetxoei zuzendutako jardunaldi berezia antolatu zuen igande goizean. Zubikoako kantxa urdinak 2004, 2005,2006 eta 2007 urteetan jaiotako Oñati eta Arrasateko saskibaloi eskolako 70 bat neska-mutiko hartu zituen. Bi ordu eta erdiz, hainbat partida jokatu zituzten elkarren aurka eta Oñatiko eskolako arduradunek adierazi dutenez, jardunaldia «oso emankorra eta interesgarria» izan zen.

 

«Igande benetan polita igaro genuen Zubikoa kiroldegian. Giro ezin hobea izan dugu» onartu digute. Aloña Mendiko saskibaloi eskolak gorakada nabarmena izan du azken denboraldian, eta gaur egun 35 partaide inguru ditu taldeak. Astelehen eta asteazkenetan (18:00-19:30) egiten dituzte saioak kantxa urdinean eta helburua, saskibaloia kirol bezala ezagutzea da. Jokatzen ikasi, baina batez ere, pertsona moduan garatu eta balore ezberdinak praktikan jarriz, ondo pasatzea da xedea.

 

Eskolako ateak zabalik

Denboraldia hasita dagoen arren, 2004, 2005, 2006 eta 2007an jaiotako edonor gonbidatu nahi dute Aloñako arduradunek saskibaloi eskolara. Aurrera begira, bailarako beste eskolekin elkarlanean, Arrasate edo Bergaran, era honetako beste topaketaren bat antolatzea izango da hurrengo urratsa.

Aloña Mendiko saskibaloi eskolako bi taldeak.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.