Euskal Herriko Itzuliko Bilbon amaitutako lasterketan izandako istripuak lotsarazi egin nau. Aitortu beharra daukat azken esprinta lehiatu behar zen errepide zabalean zeuden zutoinen gaineko piboteen irudia lehen aldiz ikusi nuenean barre egin nuela. Ezbeharra eragin zutela jakitean eta are gehiago, Filippo Pozzatok Twitterren zabaldutako bideo beldurgarria ikustean irri egiteko gogoa azkar joan zitzaidan.
Ezin sinetsita nago nola gerta daitekeen halakorik kamera finkoak iristen diren tokian. Baina gertatu da, eta zoritxarrez, horren gertuko eta gustuko dugun lasterketan gainera. Ezin esan “hori gurean ezingo litzateke suertatu”. Akatsak guztiok egiten ditugu, eta antolakuntzan pertsonak daudenaren adierazgarri da gertatutakoa, zoritxarrez eta zorionez.
Oraingoan ordea zalantza daukat huts tekniko bat izan ote den edo eta antolakuntzako zereginetan ez ote dabiltzan ez jakin gehiegi. Fede onez guztiak ibiliko diren arren, mundu mailako txirrindularitza egutegian bere tokia duen lasterketan ez du soilik borondateak balio. Ez behintzat postu guztietarako. Ez da izan azken uneko gertakari aurreikus ezina.