Urteko hirugarren hilabetea estreinatu berri genuen atzo. Otsaila atzean utzi eta Martxoan sartu gara dagoeneko eta niretzat, hilabete horretako lehen eguna beti izango da berezia. Izan ere, 2013ko martxoko lehen egun horretan jaio baitzen OK Magazinea. Konturatu orduko beraz, bi urteko bide luzea egin dugula elkarrekin. Gezurra dirudi! Egunero-egunero oñatiarren kirola jarraituz, kontatuz, zabalduz eta batez ere, maitatuz. Maitasunik gabe, bihotzik gabe, nekez funtzionatzen baitute gorputzeko beste organo guztiek.
Eta bihotzeko taupaden indarra aprobetxatuz, zangoak eta burua baliatu ditugu hara eta hona mugitzeko. Herriko kirol berriak topatzeko, alegia. Ia 800 albiste, 100 iritzi, hainbat bideo, argitalpenak...azken finean, herriko kirol jardueraren aberastasunaren igorle besterik izan ez garela. Eta pluralean hitzegiten dut proiektu honen ardura nagusia nirea izanagaitik ere, laguntza eskaintzen didazuen kolaboratzaile, irakurle eta kirolarien lanik gabe, aurrera egitea oso zaila izango litzatekeelako. Eskerrik asko!
Bide luze honetan zehar, berme edo sinesgarritasun pixka bat irabazi dugula iruditzen zait. Bai herritarren artean eta baita, inguruko komunikabideetan ere. Eta hori albiste oso ona da. Dena den, oraindik hobetzeko gauza asko ditugula, agerikoa da. Eta horretan ere ahalegin berezia egingo dudala aitortzen dizuet.
Iruditzen zait, herriko kirol komunitate sendoa osatzen ari garela eta Oñatin ez ezik, herritik kanpo ere, hemen daukagun aberastasunaren berri zabaltzen ari gara. Ilusioa eta gogoa zuen artean mantenduko direlakoan, segi orain artean bezala kirola gauzatu eta batez ere maitatuz!
OK Magazinean, zuen abenturen berri kontatzen jarraituko dugulakoan, eutsi goiari eta nahi duzuenerarte!!