Pasaden astean maratoi berezi bat antolatu zuten Monzako zirkuituan. Berezia partaidatzaren aldetik, eta berezia, oso, erronka horretan erabili zen teknologiaren aldetik ere. Goi mailako eta punta-puntako baliabideak erabili baitziren maratoia bi orduren azpitik egin ahal izateko.
Helburu ikusgarri hori lortzetik segundu gutxitara gelditu zen korrikalaria. Emaitza ikusgarria dela ukaezina da. Baina marka horretara iristeko erabili dituzten baliabide teknologiko eta bestelako estrategiak, ez dira nire gustokoak izan.
Gaur egun, pultsometroak, erloju bereziak, watioak, laktatoak...oso barneratuta ditugu edozein mailako kirolariok. Baina ez dugu ahaztu behar, duela gutxi arte, hitz eta teknika guzti hauek, soilik, kirolari profesionalen artean erabiltzen zirela. Ez nago honen aurka. Ezta gutxiagorik ere. Guzti honek kirolariaren errendimendua hobetzeko baliogarriak baitira.
Hala ere, irakurketa bikoitza duen kontua dela iruditzen zait. Helburu bakarra errendimendua hobetzea izaten da eta iruditzen zait, askotan, zentzurik gabeko erronkak bilatzea bideratzen digula guzti honek. Teknologiak eta prestaketak ez baitu mugarik. Baina ez gara konturatzen, muga, gure gorputzean dagoela.
Gorputzak gehiagorako ematen ez duenean, errendimendua nola edo hala hobetzeko bideak erabili izan dira. Bai dopinera jotzen dela, alegia. Badakit ez dela gehiengoen kasua, baina ezin dugu ukatu errendimendua bilatzen duten kirolari askoren gaitza izan dela zoritxarrez.
Gizartea eta kirola kutsatuta daude oraindik eta iruditzen zait ezagutzen ditugun baliabideekin zentzuzko kudeaketa natural baten aldeko apostua egitea bideratu behar ditugula kirolariak. Teknologia bai, baina, zentzuz erabilita.