2016/2017. ikasturteko Herriko futbol txapelketak baditu finalistak –zorionak, bide batez, Kalañatasaray eta Alboki eta zorte on finalean–, eta, hortaz, amaitzear dagoenez, badago urteari buruzko hausnarketa egiteko aukera. Horren harira, txapelketako batzordeak galdetegi bat kaleratu zuen, martxoaren hondarrean, hurrengo ikasturteari begira.
Proposatu zuten galdera da ea hurrengo ikasturtean futbol 8an jokatzera animatuko garen oñatiarrok, Azkoagain alde batera utziz eta Larrañara joanez futbolean jokatzera. Kontua ez da berria; izan ere, orain urte gutxi batzuk ere izan zen eztabaida, eta erabaki genuen, bai parte hartzaileok eta baita batzordeak ere Azkoagainen futbol 11ko formatuari eustea.
Orduan ere, baina, bazen nahikoa kezka parte hartzaileen eta taldeen beherakadei buruz. Eta kezka hori ez da isolatua edo “oñatiarra”; izan ere, Arrasaten bertan ere iazko ikasturte amaieran Zaldibarko futbol txapelketari buruzko hainbat argitalpen irakurri ahal izan genituen txapelketan izandako beheraka zela-eta.
Hori guztia kontuan izanda, eta etorkizun motzean, behintzat, bueltarik izango ez duela sumatuta, batzordeak hartu duen erabakiarekin bat egiten dut. Izan ere, parte hartzaileen beherakada itzulirik gabekoa izan aurretik hobe da txapelketa eredua aldatzea edo –behintzat, eztabaida kaleratzea– txapelketa parte hartzaile faltagatik bertan behera uztea baino.
Eztabaida prozesu horretan, zalantza barik, talde bakoitzak eta jokalari bakoitzak bere iritzia izango du: izan daiteke txapelketa jokatzea Larrañan 8ko futbolean; izan daiteke futbol 11ko ligaxkak beste modu batean planteatzea, partidu gutxiago jokatuz; izan daiteke, txapelketa motzak egitea baina udazkenean bat eta udaberrian beste bat…
Aukerak daude asko. Eta erabakia oñatiarrona izango denez, abantaila hori dugu. Oñatiar asko izan dira eta gara Herriko futbol txapelketaz gozatu dutenak eta gozatzen dugunak; har dezagun erabaki zuzenena, aurrerantzean ere futbolean lagunartean jokatuko badugu.