Handi batek txikiago bat menperatu ohi du maiz. Zoritxarrez batzuentzat, zorionez beste askorentzat, gizartean erroturik dagoen erlazio matematiko sozial aldrebestu bat da. Azken asteburuak jarri nau haundiari eta txikiari begira.
Adibide erraz batekin natorkizue…
Futbolak agintzen du kirolaren erresuman. Esate baterako, Donostiako maratoia itzalpean gelditu da Bartzelonak eta Errealak jokatu beharreko partidaren kontura; halere, oker ez banabil, arerioa Bartzelona izan ordez, maila txikiagoko bat balitz, ez dut uste arreta gehiago eskainiko zitzaionik maratoiari.
…eta adibideari bueltatxo bat emanez….
Baina maratoia ere, handi samar azal daiteke beste lasterketa xumeren baten aurrean. Larunbatean Azkoitiko lasterketa ospatu zen; hamabigarren edizioa ganoraz kudeatu zuen antolakuntzak. Baina Donostiako maratoiaren baitan antolatzen den 10 kilometroko lasterketak goibeldu zuen Azkoitiko partehartzea. Asko dira urtean zehar Gipuzkoako hiriburuan antolatzen diren atletismo lasterketa berriak; arras puztu dira bertan ditxosozko izen emateak eta honek zuzeneko eragina dauka herrietako lasterketa berri eta beteranoetan. Kalte egiten du alegia.
Handiari aurre egin guran, ezer gutxi egin dezakegu kirolaren erresuma koipetsuan. Herrietako lasterketak antolatzen dugunok lanean jarraitu beharra dugu. Gurean sinetsi eta handiaren sakeletik ganorazko mesederik ez zaigula iritsiko argi izan. Eta horrela, batzutan, lortuko dugu txikiak handia menperatzea. Edota txikia handia izatea.