Andorrara bidea goaz, ia amaitu ezina ematen duen egun luze baten ostean. Iada, 10 etapa jan dizkiogu Espainiako Itzuli honi, eta bihar (gaur), Andorran izango dugun atseden egun hortaz gozatzeaz gain, aurreneko aste honi buruzko balantzea egiteko ordua dela iruditzen zait.
Vuelta ez genuen nahi bezain ondo hasi, baina ekaitzaren ostean barealdia datorrenez, Belgikako txirrindularitzaren urre bitxi den Jasper Stuyven gazteak, zoriona ekarri zigun Murtziako etapan.
Hala ere, diotenez, pozak ez du asko irauten txiroaren etxean. Etapa garaipen horren ondoren eginiko probetan ikusi ahal zuten taldeko medikuek, aurrez taldeko bost kidek izan genuen erorikoaren erruz, eskafoidea hautsita irabazi zuela Jasperrek bere profesional mailako aurreneko lasterketa!
Jasper ere iada etxean delarik, 7 kide soilik gelditzen gara gure Trek-eko maillot hau defendatzeko, eta talde bururik ez dugun arren, borrokatu eta saiatzeko kemena eta team spirit-arekin jarraitzen dugu.
Bukatzeko, gaur esaera zaharrari kontra egin, eta ondorengoa esaten ausartuko naiz. Txiroaren etxean arazoak eta lesioak makina bat izan ditugun arren, aurpegiko irribarrea ez zaigula kendu. Eta datozen egunetan hanketan indar pixka bat baldin badugu, ez izan dudarik, beste lore sorta bat ekartzen saiatuko garenik gure etxe ibiltari honetara.
Horrela ba, besterik gabe, xaukena xauk: txiroak gaittuk, baina Bizipoza esportaitteko beste xaku!!