Hasi sekretuaren bila, baina jakin gauza bat: begi bistan duzula. Begiratu goitik, behetik, ezkerretik zein eskuinetik, eta hala ere, zure aurrean izango duzu. Jo igarle batengana, edo beste edozein aditurengana, eta hark ere gauza bera esango dizu. Oraindik ikusi ez duzula? Lasai, ez daukat belarrira esan beharrik. Hona hemen sekretua(k):
Sekretua da infantiletatik gaurdainoko laguna; eta duela urte erdi ezagutu baginen ere, ia-ia betikotzat dudana.
Sekretua da taberna bateko ezpainzapi batean sinatu arazi zidana; eta min hartuta egonda, telefonoa hartu eta “zer moduz hago?” galdetu zidana.
Sekretu da, entrenamenduetan bizkarra gorri-gorri uzten didana; eta akatsak zuzentzeko aholkuak ematen dizkidana.
Sekretua da entrenamenduetan bizkarra gorri-gorri uzten didan bigarrena; eta behar bezala entrenatzen edo jokatzen ez dugunean aurpegiratzen diguna.
Sekretua da taldearen izenean DENA ematen duena; eta taldeari “apur bat gehiago” eskatzen diona.
Sekretua da nire aginduak jasotzetik niri aginduak ematera pasa dena; eta jokaldiak ahaztu arren, behin eta berriz gogorarazten dizkidana.
Sekretua da entrenamendura berandu joan arren, mokadutxoa jaten geratzen den laguna; eta ordularia atzeratuta izateagatik denboraldi amaieran afaria ordainduko diguna.
Sekretua da bere hilabeteko soldata taldeari ematen diona; eta entrenamendu aurreko kafetxoa hartzeko idazten didana.
Sekretua da "vuelta al pueblo"-ko hauspo laguna; eta defentsako hutsak estaltzen dizkidana.
Sekretua da minutuak irabazteko gogor entrenatzen den laguna; eta aulkitxoan egonda kantxan daudenei animoak ematen dizkiena.
Sekretua da abenduan jaio izanagatik baloien eta botikinaren marroia duena; eta urtebetetzea ospatzeko tortillak ekarri dituen laguna (debekatu diguten arren).
Sekretua da bere denbora libre apurra taldeari eskaintzen diona; eta (oso) noizean behin penalti bat geratzen didana.
Sekretua da aldagelako DJa; eta egun txarra izanagatik irribarre bat ateratzeko gai den laguna.
Sekretua da alboan duen lagunaz arduratzen den laguna.
Sekretua bat da, eta 28 aldi berean.
Ederra da irabaztea. Oso. Gozoa baita garaipena edonorentzat. Irabaztearen onena baina, lagunei irabazten ikustea da. Aupa Aloña! #aurtenb(a)i